Aste Santua

Aste Santua Hondarribian

Hondarribiak erakargarri ugari ditu bisitariarentzako: hondartza, alde zaharra, arrantzale auzoa, gastronomi eskaintza edo jendearen adeitasuna.

Eta Hondarribiko eskaintza are zabalagoa da kultur turismoaz gozatzeko eta ohitura zaharrak mantentzeko zaletasuna duenarentzako, Arma Alarde tradizionalarekin hasi eta benetan antzinako sustraiak dituzten jaiekin loturiko ospakizun zaharrekin buka, urtaro aldaketekin bat horiek.

Aste Santuko ospakizunei eta haietara joaten ziren “beste erreinu batzuetako jendeari” dagokienean, badira 1602ko data duten dokumentuak, ospakizun horiek askoz ere lehenagokoak direla uste bada ere. Joan den mendearen amaieran eta mende honen hasieran, Aste Santuak turisten joan-etorri handiak eragiten zituen Hendaia eta Hondarribia artean, eta lan handia ematen zieten Bidasoa ibaia bi norabideetan gurutzatzen zuten batelei.

Aste SantuaGaur egun, bere izaera finko mantendu du tradizioak, eta horrexegatik, bakarra da eta izugarri gustatzen zaie bisitariei, bereziki Ostiral Santuko Prozesioa.

Aurrekari historikoak

Hondarribia hiri harresiduna da, eta Gaztelako Alfontso VIII.ak Hiri Gutuna eman zion (Donostiako Forua) 1.203. urtean, baina badirudi jada 1194. urtean hasi zirela gotortzen -Francisco Gainzak dioenaren arabera- Nafarroako Antso Azkarra erregeak aginduta. Badira lehenagoko garaietako aztarnak jada Eneolitiko-Brontze Aroan habitat bat zegoela diotenak, erromatarren presentzia, hain zuzen ere, eta baita errege godo bat ere -Recaredo-, tradizioaren arabera haren agindupean egongo baitzen lehen herrigunea.

Izaera militar nabarmena du herriaren sorrerak, duen kokalekuagatik, Gaztelako erreinuaren mugan 1200. urteaz geroztik. Altuera handiko harresi lerro lodi batek defendatzen zuen gotorlekua, babes erreten batek inguratzen zuen ekialdetik izan ezik, hortik sartzen baita itsaso-besoa, eta hainbat baluarte, zubi altxagarri eta errebelinak zituen sarbideetan.

Jada Erdi Aroko garaietatik merkataritza jarduera handia burutzen da bertan, harresien eta ontziolen babesean eta nabigaziorako eta mugaldeko trukerako eskaintzen zituen baldintza pribilegiatuei esker.

Denboran zehar hainbat ezbehar jasan behar izan ditu: suteak -1498. urtean bederatzi etxe besterik ez ziren libratu garretatik, dokumentazioan ageri denaren arabera-; hainbat setio –zehatz esateko 1794. urtekoa, ordu hartan frantsesek betiko leherrarazi zuten harresiaren zati bat-. Horiek eta XIX. mendearen amaieran hedadura modernoarekin batera iritsi zen izaera berriak eratzen dute gure egunetako Hondarribia.

Karlos V.aren Jauregiaren ondoan, beharbada hauxe da hiribilduko eraikin enblematikoena oso antzinako jatorria izateagatik, Santa Maria Eliza dago. XV. mendearen azken herenean hasi zirren hura eraikitzen eta XVI. mendearen lehen erdialdean amaitu zuten denboraldi batean geldirik egon ondoren.

Komeni da gogora ekartzea aipagai dugun garai horretan erlijio tradizio handia zegoela benetan, eta debozio lanek betetzen zutela eguneroko bizitza. Hala bada, Nafarroako Foruak –horrek eragin nabarmena izan baitzuen Gipuzkoan- hiru denboraldi handitan banatzen zituen urteko denborak, hiru pazkoen inguruan beti ere: Eguberrietakoa, Garizumakoa eta Maiatzekoa (Mendekosteren aurrekoa), halako betebehar batzuekin.

Pasioa antzezten hasi zen une zehatza zein izan zen garbi ez jakin arren, dokumentazioak 1602. urtera eramaten gaitu gutxienez. Badirudi, Hondarribiko Udalak halako baimen bat behar zuela, eta hura apezpikuak eman behar zuen, pasio hori antzeztu ahal izateko.

1567. urtean Hondarribia Iruñeko Eliz Barrutira pasa zen ordura arte Baionako Gotzain barrutiaren barnean egon ondoren. Garai hartan, “lizentzia” behar zuen Parroki Elizan “Jesukristo Gure Jainkoaren Pasioa eta oroitzapena” antzeztu ahal izateko Ostegun Santuko “egun eta gauean”. Ekitaldi hori Ostegun Santu egunean ospatzea komeni zen edo ez zen zalantza batzuk izan baziren ere, badirudi, Frantziatik nahiz mugako beste erresumetatik jende ugari etortzen zelako eta “gauza santuak” azaltzeko aukera aprobetxatu behar zelako, Iruñeko Apezpikuak pisuzko arrazoitzat hartu zituela horiek eta onartu egin zuela egun horretan ospakizun hori aurrera eramatea. Idatzita jasoa dago Gabriel de Egullor, prokuradorea Iruñeko Gotzain Kurian, izan zela lizentzia hori kudeatu zuena.

Jendeak harrera bikaina egiten zion ospakizunari, beren limosnekin lagundu egiten baitzuten antzezpenaren gastuak ordaintzen. Antzezpenean parte hartzen zuten pertsonen arropak, apaingarriak eta jantzi-apaingarriak Donostiatik ekarri ziren nonbait, halaxe adierazten baitu 1602. urtean eginiko gastuen zerrendak.

Pasioaren zeremonia zer-nolakoa zen zehatz ez badakigu ere, “portura joan zen Aingeruak” sortutako gastuak ageri dira antzezpenari eskainitako kontu-sail batean. Nolabaiteko antza ikus dakioke Tuteran egiten den prozesioaren erritoarekin, hartan, aingeruz jantzitako haur bat jaisten baita Ama Birjina dagoen lekuraino eta beloa kentzen baitio.

Pentsa liteke, beharbada, Aste Santuko egungo prozesioa gutxienez XVII. mendearen hasierara eramango gintuzkeen aspaldiko antzezpen haren oroitzapena dela.

Aste SantuaJulio de Urquijok adierazitakoaren arabera, honelakoa zen zeremonia:

Ostiral Santuan 14 gazte ateratzen ziren prozesioan nazarenoz jantzita Guruzpidea irudikatuz. Gurutziltzatzea egiten zen lekuan, Jesus, gurutzea bizkarrean zuela, joaten zen bi lapurren artean; horietatik, ezkerrean zuenak mehatxu egiten zion ukabila itxita eta trufa egiten zion iseka aurpegiarekin. Ikuskizun hori egiteari XX. mendearen hasieran utzi zitzaion, idatziz jasota dagoenaren arabera.

Ostiral arratsaldean egiten da eliz barruan gurutzetik Eraistearen eszena. Mintzalariaren hitzen harira, Kristo Gurutziltzatuaren irudiari –aldarearen oinetan hura- iltzeak atera eta arantzazko koroa kentzen zaizkio, eta irudia gurutzetik jaisten da kristalezko ontzi batean jartzeko. Handik pixka batera Hileta Santuaren prozesioa ateratzen da eta hiriko kaleetan barrena ibiltzen da.

San Migel joaten da lehenengo aingeruz jantzitako haur batzuekin; haur horiek pasioaren tresnen miniaturak eramaten dituzte eskuetan, baina orain dela hainbat urte Ostegun Santuan ateratzen ziren: Kristo olibondoen baratzean (aingeru bat Jesusen aldera makurtzen da kaliza aurkeztuz). Hamar legionario erromatar doaz atzetik. Gero Kristo dator zutabeari lotuta, abitu morez jantzitako penitentziagileek eramaten dute hura. Beronika dator hurrena, irudi santua ageri duen oihala eskuan duela. Inguruan karabinariak doaz fusila alderantziz hartuta. Gero Kristo, gurutzea bizkarrean duela, belusezko jantzi morez jantzita, urrezko kordoia gerrian. Gero Doloretako Ama Birjina, Santa Madalena, eskuan zapi bat duela; ondoren, San Joan jantzi beltz eta kapa gorriarekin. Hileta martxaren soinura, Kristoren gorputz etzana ageri da, belo fin batzuez estalia eta guardia erromatarrak inguruan. Azkena, Bakardadearen Ama belus beltzeko jantziarekin, aurpegia malkoz beterik.

Larunbat Santuan, hamarretan hasten da meza nagusia. Loria ospatzean, ireki egiten da aldare nagusia estaltzen duen oihala, eta pizkunde bandera agertzen da. Une horretan kanpaiak jotzen hasten dira, aldarearen aurrean bi ilaratan dauden soldadu erromatarrak erortzen diren bitartean, tximistak jo izan balitu bezala –bakoitiak barnealdera eta bikoitiak kanpoaldera- eta kaskoak, ezpatak, pikak eta broketak lurrera erortzen dira harat eta honat. Handik gutxira kapitaina altxatzen da eta Loria kantatzen duen bitartean, aginte-makilaz ukitzen ditu soldaduak lotan dauden ikusteko. Inork ere bizi-seinalerik ematen ez duela ikusita, bere lekura doa berriro eta belaunika jartzen da besoak lurraren gainean gurutzatuta, burua besoen gainean jarririk. Dominus Vobidcum hastean guztiak altxatzen dira eta belauniko jarririk egoten dira meza bukatu arte.

Meza amaitu ondoren, kapitainak keinuak egiten ditu aginte-makilaz eta bi brokelariak altxatzen dira brokela, kaskoa eta ezpatak jasotzeko. Kapitainak bigarren keinua egitean, bi pertsona horiek ezpataz kolpea ematen dute brokelaren kontra. Une horretan zutik jartzen dira gainerako soldaduak. Hirugarren keinua egitean kaskoak lurretik hartu eta buruan jartzen dituzte atzekoz aurrera, hegala atzealdera jarririk. Laugarren keinua egitean lantzak jasotzen dituzte muturra beherantz dutela eta martxa baten soinura tenplutik ateratzen dira udaletxera joateko.

Ttopara edo Topatze prozesioa egiten da Pazko Igandean. Egun horretan, goizaldean, Ama Birjinaren irudia andetan eramaten dute lau gizonek, eta haiekin batera joaten dira hamabi apostoluak hainbat koloreko mantuz estaliak. Kale Nagusian barrena joaten dira, Arma Plaza igarotzen dute alderik alde, San Nikolas kalean sartzen dira eta 2 zenbakiko etxean dagoen lorategian uzten dute Ama Birjina, leku hori aurrez prestatzen dute alfonbrekin eta damasko gortinekin. Lorategiaren aurrean Sakramentu Santuaren prozesioari itxaroten dio, hura ere elizatik atera eta San Nikolas kale aldera joaten baita –baina beste bide batean zehar-. Iristean, Regina Caeli abesten da eta behin bukatu ondoren, heriozko isiltasunean, Ttopara eramaten da Ama Birjina, ibilbidean hiru buru-makurtze eginez agur gisa. Zeremonia hori bukatutakoan, berriro ere abesten hasten dira, oraingoan errege martxa, eta bi prozesioek batera parrokiara itzultzeko bidea hartzen dute.

Ttopara edo Topara zeremonia elizaren barruan egiten da gaur egun.

Oficinas

Bidasoa Bizirik, Turismo Saila

Neguko ordutegia
Irailaren 16tik Ekainak arte

  • Astelehena - Igandea
    10:00 - 14:00

Udako ordutegia
Uztailetik

  • Astelehena - Igandea
    10:00 - 13:30 / 15:00 - 19:30

Irungo Bulegoa

  • Plaza Luis Mariano, 3
    20302 Irun
  • Tel.: (00.34) 943 02 07 32

Neguko ordutegia
irailak 16 / ekainak 30

  • Asteartea - Larunbata
    10:00 - 13:30 / 15:30 - 19:00
  • Astelehena
    15:30 - 19:00

Udako ordutegia
uztailak 1 / irailak 15

  • Astelehena - Larunbata
    10:00 - 13:30 / 15:00 - 19:30
  • Igandea
    10:00 - 14:00

Hondarribiko Bulegoa

  • Arma Plaza, 9
    20280 Hondarribia
  • Tel.: (00.34) 943 64 36 77

Neguko ordutegia
irailak 16 / ekainak 29

  • Astelehena - Igandea
    9:30 - 18:30

Udako ordutegia
uztailak 2 / irailak 15

  • Astelehena - Igandea
    9:30 - 19:30
Hondarribiko udala Ayuntamiento Irun Udala: www.irun.org Explore San Sebastian Region Euskadi: Basque Country
Consorcio Transfronterizo Bidasoa Txingudi Red de Ciudades y Villas Medievales Euroziklo Arma Plaza Fundazioa